lunes, 15 de septiembre de 2008

Beroketa globala


Klima-aldaketaten teoriak, gizakiak sortutako CO2aren ondorioz mundua etengabe berotzen ari dela dio. Komunikabideen arabera, "zientzialariak" ados omen daude horretan. Horrenbeste aldiz errepikatzen digute hori, dagoeneko inork ez duela zalantzan jartzen, dudarik gabeko teoria omen da hori, guztiok ados daude hortan. Teoria oso polita da, bai, hori onartzen dut... baina arazo txiki bat du: lurra ez dela berotzen ari. Garrantzirik gabeko detailea, agian.
Goian satelite bidez neurtutako lurraren batazbesteko tenperatura duzue. Irudiaren gainean sakatu handiago ikusteko. Hurrengo baten azalduko dut detaile gehiagorekin batazbesteko tenperatura hauek nola lortzen diren, baina jakizue irudi hau satelite bidez neurtutako tenperaturetan oinarritua dagoela. Satelite bidezko neurketak daudenetik gaur egunerainoko batazbesteko tenperaturen eboluzioa ikusi daiteke (1979-2008), eta neurtutako tenperatura hori 1979-1998 urteen bitarteko batazbestekotik zenbat desbideratzen den adierazten digu. Beraz desbiderakuntza positiboak batazbestekotik gorako tenperatura esan nahi du, eta desbiderakuntza negatiboak tenperatura batazbestekotik behera gelditu dela. Grafikoa Anthony Watts-en blogetik atera dut eta Alabamako unibertsitateak (UAH - University of Alabama in Huntsville) argitaraturiko datuetan oinarrituta dago.
Grafika horretan gehien nabarmentzen dena 1998. urtea da. "El niño" izugarria izan zen urte hartan eta planeta guztiko tenperaturetan influentzia nabarmena izan zuen garbi ikusten denez, urte oso beroa bilakatuz. Horretaz aparte, klima-aldaketaren teoriaren arabera guztiz frogatua dagoen beroketa beldurgarri horren arrastorik ez. Atzera gabeko puntura iristear gaudela diote, ezer egiten ez badugu beroketak ez duela erremediorik izango. Non ote dago atzera gabeko puntu hori?
Beldurtu zaitezte nahi baduzue, baina niri behintzat grafiko horrek ez dit batere beldurrik ematen. Munduak baditu arazo askoz larriagoak gaur egun, dirua frogatu gabeko teoria batetan alferrik galdu gabe. Beldur gehiago ematen dit mundua berotu beharrean hoztuko balitz, gure gizarteak dituen behar energetikoak zeintzuk diren jakinik. Eta ikusten duzuenez, azken 10 urteak hartzen baditugu, berotu beharrean mundua hotzera dijoala dirudi. Baina beno, hori beste egun batetarako gaia izango da.

miércoles, 10 de septiembre de 2008

Klima aldaketa? Noski, beti


Klima-aldaketaz hitzegiten denean, garbi izan beharko genukeen lehen gauza zera da, gure mundu hau sortu zenetik klima etengabe aldatu dela, eta etengabe aldatuz jarraituko duela lurra desagertu arte. Bai gizakia sortu aurretik, eta baita lurraren azalean gizakiaren arrastorik geratzen ez den momentutik aurrera, klima ez da inoiz konstantea izan.
Lurrak aldi hotzak eta aldi beroak bizi izan ditu, ia osorik glaziarrez estalita egon den aroak, eta baita poloetan izotzik izan ez dituen aroak ere. Lurraren tenperatura aldaketa natural hauen zergatiaz asko idatzi eta asko hitzegin da, hipotesi desberdinak daude. Baina gure atmosfera horren sistema konplexua da, gaur egun dauden aurrerapenekin ere, ezinezkoa dela arrazoi hoiek ziurtasun osoz zeintzuk diren jakitea.
Historian zehar lurrak glaziazio ugari jasan ditu. Horrenbeste dira, lurraren egoera normalena izozturik egotea dela baiezta dezakegula. Beraz guk sorte handia izan dugu glaziazioen arteko garai epel honetan bizitzea suertatu zaigulako. Bizi garen garai hau, azken glaziaziotik hasi ta gaur eguneraino hedatzen dena, holozeno garaia deritzo. Duela 11800 urte inguru hasi zen, eta lurra hurrengo glaziazio garaian sartzen denean amaituko da. Horregatik garai interglazial baten bizi garela esaten da.
Holozenoan zehar lurrak jasan dituen tenperaturak ez dira konstanteak izan, ezta gutxiago ere. Goiko irudian tenperaturaren aldaketa estimatua dago irudikatua. Eskubiko aldean duela 12 mila urteko tenperaturak daude adierazita, eta ezkerraldean gaur egungo tenperatura.
Garbi ikus daitekeenez gaur egungo tenperaturak baino epelagoak izan ditugu holozenoan zehar. (Bai, egia da, sinistuidazue, azken urte hauek ez dira historiako beroenak. Ziurrenik ezta azken ehun urtetako beroenak ere. Hau beste egun batetarako gaia izango da.) Tenperatura nahiko konstante mantendu den arren gora-beherak izan ditu. Gizakia izango ote da horren errudun ere? Kuriosoena zera da, garairik beroenei optimo klimatikoak deritzaie. Arrazoi errez batengatik: Munduan gero eta tenperatura epelagoa izan, hezetasun gehiago dago, landareak ugariago hazten dira, eta beraz bizitza gehiago dago gure planeta honetan. Gaur egun politikariek, ustezko zientzialariek eta komunikabideek aurkakoa sinistarazi nahi digute, beroa txarra omen da... agian izozturik bizi nahiko dute, auskalo!

martes, 9 de septiembre de 2008

Kaixo mundua

Orri txuriaren aurrean lehenengo hitzak idaztea beti izaten da zaila. Blog hau sortzearen ideia aspaldi nuen buruan biraka, arrazoi desberdinengatik idazten hastea atzeratuz joan naizen arren. Azkenik erabakia hartu dut, hemen nago, irakurtzeko interesa duen guztiari idazten. Ongietorriak guztioi nire txoko honetara.
Jorratu nahi ditudan gaiak garbi ditut aspaldi. Badaramatzagu urte batzuk klima-aldaketa, beroketa globala eta negutegi efektua telebistako berri, irrati eta egunkari guztietan egunero ikusi, entzun eta irakurtzen ditugula. Dagoeneko ohituak gaude, naturaltzat jotzen dugu klima aldatuz doala, naturaltzat jotzen dugu gizakia dela horren errudun, eta beraz derrigorrezkoa dela zerbait lehen bait lehen egitea.
Baina, delako klima-aldaketa hori benetakoa al da? Lurra berotzen ari al da? Gizakia al da horren errudun? Ta guzti hori egia balitz ere, txarra al da mundua berotzea?

Esan gezur bat mila aldiz
errepikatu hitzetz hitz
handik gutxira ikusi
egia bihurtzen.

Hori dio Berri Txarrak taldearen abesti batek. Tamalez, hala gertatu izan da historian zehar, eta hala gertatzen jarraituko du aurrerantzean ere. Eta komunikabideek diotenarekin kutsatuta esaten duten guztia egia dela sinistuta gaude. Behelainotan gabiltza mendian galdurik, bidea non dagoen aurkitu ezinik.
Nire helburua, eguzkiak behelainoarekin egiten duen bezela, gai hauetan argi izpi batzuk jaurtitzea besterik ez da, behelainoa uxatzea. Gero bakoitzak aukera dezala egia zein den, behelainoa jasotzen denean bakoitzak bere bidea zein den aukeratzen duen bezela.
Ongietorriak izan zaitezte bada, eta eskerrikasko.