
Klima-aldaketaten teoriak, gizakiak sortutako CO2aren ondorioz mundua etengabe berotzen ari dela dio. Komunikabideen arabera, "zientzialariak" ados omen daude horretan. Horrenbeste aldiz errepikatzen digute hori, dagoeneko inork ez duela zalantzan jartzen, dudarik gabeko teoria omen da hori, guztiok ados daude hortan. Teoria oso polita da, bai, hori onartzen dut... baina arazo txiki bat du: lurra ez dela berotzen ari. Garrantzirik gabeko detailea, agian.
Goian satelite bidez neurtutako lurraren batazbesteko tenperatura duzue. Irudiaren gainean sakatu handiago ikusteko. Hurrengo baten azalduko dut detaile gehiagorekin batazbesteko tenperatura hauek nola lortzen diren, baina jakizue irudi hau satelite bidez neurtutako tenperaturetan oinarritua dagoela. Satelite bidezko neurketak daudenetik gaur egunerainoko batazbesteko tenperaturen eboluzioa ikusi daiteke (1979-2008), eta neurtutako tenperatura hori 1979-1998 urteen bitarteko batazbestekotik zenbat desbideratzen den adierazten digu. Beraz desbiderakuntza positiboak batazbestekotik gorako tenperatura esan nahi du, eta desbiderakuntza negatiboak tenperatura batazbestekotik behera gelditu dela. Grafikoa Anthony Watts-en blogetik atera dut eta Alabamako unibertsitateak (UAH - University of Alabama in Huntsville) argitaraturiko datuetan oinarrituta dago.
Grafika horretan gehien nabarmentzen dena 1998. urtea da. "El niño" izugarria izan zen urte hartan eta planeta guztiko tenperaturetan influentzia nabarmena izan zuen garbi ikusten denez, urte oso beroa bilakatuz. Horretaz aparte, klima-aldaketaren teoriaren arabera guztiz frogatua dagoen beroketa beldurgarri horren arrastorik ez. Atzera gabeko puntura iristear gaudela diote, ezer egiten ez badugu beroketak ez duela erremediorik izango. Non ote dago atzera gabeko puntu hori?
Beldurtu zaitezte nahi baduzue, baina niri behintzat grafiko horrek ez dit batere beldurrik ematen. Munduak baditu arazo askoz larriagoak gaur egun, dirua frogatu gabeko teoria batetan alferrik galdu gabe. Beldur gehiago ematen dit mundua berotu beharrean hoztuko balitz, gure gizarteak dituen behar energetikoak zeintzuk diren jakinik. Eta ikusten duzuenez, azken 10 urteak hartzen baditugu, berotu beharrean mundua hotzera dijoala dirudi. Baina beno, hori beste egun batetarako gaia izango da.
